XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gerd pauso pare bat atzerago joan zen.

- Tira, sei edo zazpi metrotara niagok hiregandik - esan zuen.

- Ikusten diat hori - esan zion Keesek zakar.

- Jakin al zezakeat hori nik orduan?- ihardetsi zion mindurik.

- Tira, oso polita duk, bai onartu zion Keesek. Ekiok ba!.

Gerd berriro jotzen hasi zen.

Haizeak notak hartu eta uraren gainetik eramaten zituen.

Poliki-poliki baina gardentasun guztiarekin diana entzun zen. Benetan polita zen.

Kees bapatean tronpeta eskuratu zuen arratsaldeaz oroitu zen, aita eta biak osaba Hermannen ehorzketara etorri eta elkarren ondoan hormaren gainean eserita, hegaz igarotzen ari ziren basahateei begira egon zireneko udaberriko arratsalde hartaz.

Negar egiteko zorian zegoen.

Eskuaz harriak bilatzen zituen, eta gero ahal bezain urrun jaurtikitzen zituen.

Harriek egiten zuten plastadak baretu egiten zuen.

Gerdek tokeak jo zituen bata bestearen atzetik eta berriro hasieratik ekin zion.

Handik puska batera ezpainek min egiten zioten eta jotzeari utzi egin zion.

Ingurura begiratu eta harri handi batean eserita aurrekaldera begira-begira zegoen bere adiskidea ikusi zuen.

Tarteka begiak ukabilez igurtzitzen zituen, horrek laguntzen balio bezala.

- Hator igerian egitera! dei egin zion Gerdek.

- Ala aurretik jolas pixka bat egin nahi al duk?.

- Igerian egin - erantzun zion Keesek bizkor.

Zutitu eta arropak eranzten hasi zen.

Jarri zituen bere gauzak txukun bere ondoan, ordura arte inoiz baino txukunago, harri baten gainean, eta Gerdi heldu zion.

Lehenago dena bertan behera botatzen zuen Keesek.